Euskal izenei buruz beti jakin nahi izan duzun eta nehoiz galdetzen ausartu ez zaren guzti-guztia!
Sabino Arana Goirik 1898. urtean Ixendegia plazaratu zuenetik, hainbat izendegi kaleratu dira. Izendegi honek arrakasta itzela eduki zuen eta luzaz euskaldunok gure seme-alabak euskaraz bataiatzeko erabili dugun iturri nagusia izan da. Frankismoaren amaiera aldera, Euskaltzaindiak plazaratu zuen izendegiaz gain, beste hainbat plazaratu ziren euskal geografiaren luze-zabalean. Ildo horri jarraituz, XX. mendearen azken hamarkadetan biziki izendegi interesgarriak atera ziren argira. Aipamen berezia merezi dute, ene ustez, 1969. urtetik Seaskak atera duen egutegi berezia euskal izen zaharrak eta berriak zabaltzeko lanabes paregabea izan dena, eta Xarles Bidegainek 1999an plazaratu zuen izendegi aberatsa, aukera ugariz eta datu zehatzez hornitua etorri zaiguna.
Izendegi honetan ez daude diren guztiak, jakina!, herriak egunero izen berriak sortzen baititu, baina bada bilduma polita euskal aita-amek hautatzeko orduan aukera ukan dezaten. Horretan lagungarri bada, uros izanen naiz. Gaur, bihar, etzi, euskaldunok aitzina egiten eta eginen dugu. Gure aiduru gero aske eta oparoa delakoan nago. Izan dadila izendegi hau urrats bat egin beharreko bidean. Izena eta izana.
Joseba Aurkenerena Barandiaran. 1956an Donostian sortua. Euskara irakaslea lanbidez. Hainbat liburu idatzi du euskal kulturaz eta etnografiaz. Iparraldeko euskal prentsan ohiko kolaboratzailea. Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartekoa dugu eta aspaldi-aspalditik Urruñan bizi da